XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aukera hori HAren 218. art.an dago jasota beren beregi; manu horren arabera, jabekide guztiek aho batez erabaki behar dute hipoteka mota horren eraketa. Ondorenez, kasu horretan, hipoteka baterakoia da, jabe batzuei dagozkien pisuetan zatituriko eraikinaren gain.

Hipoteka mota hori ezin daiteke hipoteka solidario gisa hartu. Alde batetik, hipotekaren objektuak ez dira pisuak, eraikin osoa baino. Bestetik, HAren 218. art.aren azken tartekadurak dioenez, hartzekodun hipotekarioak bere kreditua kobra dezake, akzioa eraikin osoaren kontra egikarituz.

Inskripzioa egiteko moduari buruz, ikus HAren 218. art.:

i) Pisuak eta horiek osatzen duten eraikina zenbaki berarekin inskribaturik badaude, hipotekak inskribatu behar dira eraikinari Erregistroan dagokion zenbaki berean; hortaz, folio bakarra izango da, pisu zein eraikinari buruz.

ii) Eraikina bere osotasunean inskribaturik badago eta eraikin hori osatzen duten pisu guztiak modu independentean inskribaturik badaude zenbaki desberdinekin, hipotekari buruz inskripzio zabala egingo da eraikinari Erregistroan dagokion zenbakian eta inskripzio laburrak egingo dira, ostera, pisuei dagozkien zenbakietan.

iii) Eraikina bere osotasunean inskribaturik ez dagoela, eraikina osatzen duten pisuak modu independentean inskribaturik badaude zenbaki desberdinekin, hipotekari buruz inskripzio zabala egingo da edozein pisuri dagokion zenbakian eta inskripzio laburrak egingo dira, aldiz, gainerako pisuei dagozkien zenbakietan.

331. Ondasun hipotekaezinak

HLren 108. art.aren arabera, ezin dira hipotekaren objektu izan:

1. Zortasunak, lur nagusiarekin batera hipotekatzen direnean izan ezik. Salbuespen gisa, uren gaineko zortasunak beti hipoteka daitezke.

2. Lege gozamenak, KZk alargunari ematen dion gozamena izan ezik.

3. Erabiltze eta biztantze eskubideak (KZren 525. art.).

Zortasunak ezin dira eurak bakarrik hipotekatu; eskubide errealak izan arren, zortasunak ezin dira lur nagusitik edo zortasunpeko lurretik bereiztu (KZren 534. art.). Hori dela eta, HLren 108.1. art.ak dioenaren harira, lur nagusiarekin batera hipotekatu behar dira. Nabarmentzekoa da manu horrek aipatzen dituen zortasunen artean ez daudela zortasun pertsonalak; horiek hipotekatzeko modukoak dira, HLren 107.5. art.aren arabera.